XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1. SEMIOLOGIA ETA MASA-KOMUNIKAZIOA

Gizakiek elkarren artean komunikatzeko premia dute.

Horretarako, egitura eta esanahia duen ikur-sistema batez baliatuko dira.

Mezurik igorriko bada, bai igorleak eta baita hartzaileak ere ikur-sistema horren hezur-mamiak ederki ikasiak beharko ditu izan, bestela ez da komunikazio-egoerarik sortuko.

Ikur-sistemak, hots, kodeak, asko dira: hitzezkoa, keinuzkoa, irudizkoa... eta abar.

Semiologiak aztertuko ditu gizarte-komunikatiboan bizia duten ikur-sistemak.

Semantikak, berriz, adierazpen edo esanahiez ihardungo du.

Semiologi printzipioen aitzindari F. Saussure izan zen.

Hark esandakoak badu oraindik ere oihartzunik.

Baita jarraitzaile sutsurik ere hizkuntzalaritzan ez ezik, bestelako zenbait zientziatan ere, adibidez, masa-komunikazioaz ihardungo eta aztertuko duen teorian.

Semiologiaren edo semiotikaren irizpideak mesedegarri eta beharrezko zaizkio komunikazio-egoerako mezua aztertuko duenari.

Kazetari-mezua aztertuko duten irizpide semiologikoek bi ikur-sistema edo kode hartuko dituzte aintzat: hitzezko kodea eta ez-hitzezko kodea.

Biek elkarri zor diote funtzional izatea.

Biek bat eginik osatzen bait dute kazetari-mezuaren funtsa.

2. IKUR-SISTEMAK PRENTSA IDATZIAN

Masa-komunikazioaren teoria orokorrean, beti ere ikuspegi semiologikotik abiatuz, kazetari-mezuari itxura eta egitura egokia emateko erabiliko diren ikur-sistemak ikertuko dira.

Nahiz eta gurean prentsa idatzira mugatu, mass-media guztiak izan litezke ikergai: telebista, irratia, prentsa idatzia, komikiak, iragarki-taulak...

Baina baita, zinema, posterrak, diskoak, antzerkia, fotonobelak, eta espektakuluak ere.

Jakina, bakoitzak bere ezaugarri eta ikur-sistemen multzoak dituela gogoan hartuz.